Urria amaitzera doa, eta badator azaroa, Euskaraldiaren hilabetea. Poliki-poliki, Gorbeialdeko udalerriak ari dira ekimen erraldoiaren aurrean prestaketa-lanak egiten. Horien artean, Zigoitia.

Iraila hilabete potentea izaten da Zigoitian, besteak beste, Mairuelegorretako jaialdia eta Zigoitia Euskaraz ekimena izaten direlako urtero. Aurten ere, urte berezia izanagatik, lana majo egin dute bertako euskaltzaleek, eta horren lekuko da orain aste batzuk argitaratutako bideo ederra.

Orain, berriz, Euskal Herriko gainerako udalerrietan bezala, Euskaraldiaren prestaketan ari dira Zigoitian ere. Ahobizi eta Belarripresten izen-ematearekin bete-betean hasteko, kaleak apaintzeko lana hartu dute lehenengo:

Datozen asteetan hasiko dira udalerriko jende-bilguneetan lanean, izen-ematea pizteko helburuarekin.

Hala ere, badira lanak aurreratuta dituenik, Zigoitian. Hainbat entitatek eman zuten izena udalerrian, eta horietako bat izan zen ZIZKIÑO MENDI TALDEA. Arigunea sortu dute, eta bazkideen artean izena emateko deialdia zabaldu ere bai. Eta. horrez gain, jarduera eder bat antolatu dute, azaroaren 28rako: beraien jarduera-ingurune naturala (mendia) aprobetxatu, eta  bertan euskaraz egiteko zita jarri dute. Gorbeiara igotzeko aukera egongo da beraz, ahoak bizi eta belarriak prest!