Otsailean abiatu zen Urkabustaizko euskaraldiaren lan-taldea osatzeko prozesua. Urkabustaizko Udalak eta Lan eta Jolas Elkarteak deialdia egin, eta euskaltzaleek ez zuten hutsik egin: hasieratik hartu zuen indarra Euskaraldiari gogoz heltzeko asmoak.

Une honetan, bi lan nagusi ditu, udako oporrak hartu aurretik, lan-taldeak: batetik, Urkabustaizko jende-bilgune nagusien identifikazioa egitea, ondoren ahobizi eta belarripresten berri ematera bertara joateko, eta, bestetik, Urkabustaizko hamaikakoa prestatzen joatea.

Hamaikakoaren aurkezpena irailaren 14an egingo dute urkabustaiztarrek, ostiralez, 19:00etan Izarrako plazan. Hortik aurrera, eta irailaren 20an Euskal Herri osoan zabalduko den izena emateko epea kontuan hartuta, Euskaraldiaren berri ematen ariko dira lan-taldekideak, han eta hemen. Animo, beraz!