Zer moduz joan da asteburua, Gorbeialdean? Umeek poztu dute igandea, zuenean ere?

Tira. Asteburuan aisialdiaren bueltako proposamenak izan ditugu Etxealditik Euskaraldira kanpainaren barruan: larunbatean, pintxopotea euskaraz, eta, igandean, euskarari gure mahaira etortzeko gonbidapena egitea. Proposamenak ez dira egun zehatz horietan egin behar, noski. Hemendik aurrera ere baduzue aukera!

Hala ere, asteburuan halakorik egin baduzue, eskertuko dizuegu gurekin partekatzea. Bidali zuen argazkiak euskara@gorbeialdea.eus helbidera!

Heldu diezaiogun gaurkoari. Ohiko egoeran, astelehena lan eguna izan ohi da askorentzat. Ez-ohiko egoera honetan, ordea, bada oraindik ere etxetik irten eta lanera joaten denik.

Gaurko proposamena etxean geratu behar garenon zaintzaile, laguntzaile, hornitzaile… diren horiei zuzendua dago. Bidali diezaiegun esker mezuak sare sozialen bidez. Sortu ditzagun testu, argazki, bideo edo irudi bidezko mezuak eta partekatu ditzagun sarean.

Eta egunero egin ohi dugun modura, mezuak zabaltzerakoan @euskaraldia aipatuz eta #EtxealditikEuskaraldira etiketatuz parteka ditzagun. Edo bidali euskara@gorbeialdea.eus helbidera!