Ekainaren erdi aldera egin dute Aramaion ere EUSKARALDIAren aurkezpena, eta hasiak dira antolaketa-ereduaren gainean hausnartzen, beti ere, begirada udazkenean jarrita.

Aramaioko Udalak, Txirritola Euskara Elkarteak eta beste hainbat kidek osatu dute, orain arte, Aramaioko euskararen jarraipen batzordea. Urtean zehar euskararen erabilera handitzeko egin beharrekoaren gainean hartu beharreko erabakiak, batzorde horretan hartu dira. Eta, orain, batzordea ireki, eta hala nahi duen guztia gonbidatu dute Euskaraldiaren prestaketa-lanetan parte hartzera.

Argazkian dituzuen lagunak dira taldetxo horretako hainbat kide. Aramaioko euskararen ezagutza datuak, Gorbeialdeko gainerako udalerrietakoekin alderatuta, altuak dira, beraz, Euskaraldiak, helburu berberak izan arren, beste forma bat hartuko du Aramaion. Argazkiko lagunen, eta hemendik aurrera gerturatzen direnen ardura izango da, hemendik aurrera, zer egin pentsatzea.

Une honetan, hamaikakoaren aurkezpena prestatzen ari dira buru-belarri; izan ere, Aramaioko jaiak martxan jarriko dituen suziria botatzeko ardura izango du talde horrek. Ekainaren 29an izango da hori, laster, beraz. Horri buruzko informazio gehiago duzue Goiena komunikazio taldearen berri honetan.